ANDALUCIA ETA SEVILLAKO PROBINTZIA

Landa Turismoko Europako VII. Biltzarreko helmuga gonbidatua

Paisaia paregabeen, eta natura eta bizi oparoko paisaien mosaikoa da Andaluzia, lurralde horretako eta bertako jendeen nortasun-ikur. Estatu osoa hartuta babestutako azalera gehien (bere lurraldearen % 23 inguru) daukan autonomia-erkidegoa izatera eraman du Andaluzia natura-ondare hori zaintzearen aldeko apustuak, Europar Batasuneko zenbait herrialderen –hala nola Esloveniaren, Zipreren, Maltaren edo Luxenburgoren– azalera totala gaindituz hedadurari dagokionez. RENPA Andaluziako Babestutako Naturguneen Sarea babestutako 249 eremuk osatzen dute guztira, eta babes-figura bat edo gehiago izan dezake eremu horietako bakoitzak.

 

Sevilla, balio ekologiko eta kultural handiko lurra

Ñabardurez betetako probintzia dugu Sevilla, herrien arteko kultura-gurutzatzearen lekuko: tartesoak, iberoak, arabiarrak eta kristauak probintziako sei eskualdetan nabarmendu dira, Zilarraren Bidetik eta Sevillako Sierra Morena mendilerrotik hasi eta Guadalquivir-Doñana, El Aljarafe, La Campiña eta Sierra Sur mendilerroraino. Probintziako herrien monumentu-ondarea Andaluziako aberatsena da, ia 300 monumentu baititu probintziak Kultura Intereseko Ondasun gisa deklaratuta.

Natura-ondareari dagokionez, babestutako 252.000ha-ko azalera du Sevillako probintziak, balio ekologiko eta kultural handiko 23 enklabetan banatuta. Sierra Norteko eta Doñanako parkeak nabarmentzen dira, probintziako zutabeak biak ere, haien zati bat UNESCOk deklaratutako Biosferaren Erreserba izanik. Gainera, Sierra Norteko parkea, 177.484ha-ko hedadurarekin, UNESCOren Geoparke Globala dugu. Eta gune horiekin batera, Sevilla eta gainerako gune babestuak zeharkatzen dituzten bost Bide Berdeak. Turismo natural eta aktiboko eskaintza osagarri bat gehitzen zaie gune horiei, natura-ingurune horietan sortutakoa, hain zuzen ere.

Andaluziako landa-alojamenduak

Hotelez kanpoko alojamendu-eskaintza lurralde osoan banatzen da: herri-etxeak, ortu-etxeak, landetxeak, tren-geltoki zeharrak, dolareak, apartamentuak, kanpinak… lurraldeko eskaintza bikainena ahaztu gabe: etxaldeak eta kortijo historikoak, Andaluziako landa-arkitekturako produktu bereizle gisa.

Gastronomia, artisautza eta herri-ohiturak

Bere herrien gastronomiari dagokionez, desberdin eta egiazko egiten ditu. Horren adibide ditugu bere ardoak, Ameriketara iristen lehenak; edo Sevillako Sierra Morenako ehiza- eta perretxiko-gisatuak; edo Estepako gozoki mantekado famatuak; edo olio eta oliba paregabeak; edo Guadalquivir-Doñanako arrozak, zereal horren produkzioan Europan liderra den eskualdekoak, alegia.

Bere artisautza aberatsa, bere jaiak eta herri-ohiturak gehitu behar zaizkio horri guztiari. Flamenkoa, bere museoak, zezena eta zaldia… Leku paregabe bihurtzen du horrek guztiak Sevillako probintzia.

Gizateriaren ondarea

Munduko hiri ederrenetakotzat hartutako hiri bat biltzen du Sevillako probintziak, UNESCOk Gizateriaren Ondare deklaratutako 3 monumenturekin. Era berean, probintzia osatzen duten udalerrien lurraldean aurkitzen du historiak, naturak, tradizioak, gastronomiak eta landa-munduari lotutako kultura guztiak dakarren osagarri ezin hobea. Zeren eta Sevillako probintzia, bere 106 herriekin, “beste Sevilla” dugu, txanpon beraren beste aurpegia.